Leioako udala
  • RSS Blog
  • Issuu
  • Flickr
  • Twitter
  • Facebook
  • Youtube

Kultur Leioan egiten diren jarduera guztien berri ematen du egunero. Utzi zure oharrak eta banatu zure gizarte-sareetan.

Erabateko 21 estreinaldi izango dira XVII. Umore Azokan eta 50 konpainiak hartuko dute parteRSS Blog

Umore Azoka

Leioako Umore Azoka kale arteentzako ezinbesteko erreferenterentea bihurtu da urteekin. Agerian uzten dute hori XVII. edizioko datuek. Izan ere, 50 konpainiak hartuko dute parte maiatzaren 19tik 22ra, eta 54 ikuskizun erakutsi eta 125 emanaldi eskainiko dituzte. Gainera, estreinaldi kopurua oso esanguratsua izango da, programako hiru ikuskizunetatik bi erabateko estreinaldiak izango direlako. Ana Lopez Asensio azokako zuzendari artistikoak azaldu ditu xehetasunak: “Aurten erabateko 21 estreinaldi izango dira Umore Azokan. Eta hori gutxi balitz, estatu mailako 12 estreinaldi, 3 kale estreinaldi, ikuskizun baten gaztelerazko bertsioa, eta 3 kaleko estreinaldi ere eskainiko ditu azokak. Kale arteen konpainiek Leioan egon nahi dutela erakusten dute datuek”. Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu ditu azokako datuak López Asensioak gaur, eta berarekin izan dira Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, eta Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea.

EAEko 18 konpainia

Programaren kalitatea, aniztasuna eta diziplinen arteko oreka azpimarratu ditu azokako zuzendariak prentsaurrekoan, dantza, antzerki, zirku eta clown ikuskizunek osatuko baitute programazioa, eta oparotasun horren adibide dira Umore Azokan egongo diren euskal taldeak. Izan ere, EAEko 18 konpainiak 19 ikuskizun eskainiko dituzte Leioan, eta erabateko estreinaldiak izango dira horietako 11. Taldeen artean daude Deabru Beltzak, Ana Capilla & Julia Fäber, Bapatean, Cía. Laura Cobo, Laglo Zirko Dantza & Compañía, Larrua, Plataforma Tirante Colectivo, Philo&Jole, Sainete, Shuar Prest, eta Trapu Zaharrak. Gainera, Nafarroatik La Banda taldea ere etorriko da beren ikuskizuna estreinatzera.
Gainontzeko parte hartzaileen artean 19 estatukoak dira (Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madril eta Valentzia -10 estreinaldirekin-). Eta azpimarratzekoa da Kataluniaren partaidetza nabarmena, besteak beste, Del Revés, La Industrial Teatrera eta Mumusic circus talde ezagunak Leioan izango direlako. Bestetik, andaluziako zirkuak ohi baino ordezkaritza handiagoa izango du aurten, 5 talde andaluziar gerturatuko baitira Leioara, eta 2 taldek ikuskizuna estreinatuko baitute Umore Azokan.

Nazioarteko 12 konpainia ere izango dira (Frantzia, Erresuma Batua, Brasil, Kolonbia eta Japonia -11 estatu mailako estreinaldirekin eta erabateko estreinaldi batekin-). Azpimarratzekoa da Frantziako Les Goulus talde historikoaren partaidetza, Umore Azoka aukeratu baitu taldeak “Riders from nowhere” obra estreinatzeko. Era berean, Bakhus talde frantziarrak bi ikuskizun ekarriko ditu Leioara, akrobazia koreografietan oinarritutako “Glaucos”, eta poesia handiko “LÒmbre de Coré” dantza pieza. Gainera, Frantziako zirku proposamen originalaren erakusle, 100 racines konpainiak “Au pied du mur” obra ekarriko du Leioara. Diaboloa gustuko dutenek, berriz, Tsubasa Watanabe japoniarraren proposamenarekin gozatzeko aukera izango dute.

Bestetik, Leioako taldeek presentzia propioa izango dute azokan, horretarako sortu baitute antolatzaileek “Bertako eszena” izeneko atala. “Umore Azoka Leioako udalaren proiektua eta apustua da, eta ondorioz, ezinbesteko ikusten dugu bertako taldeen parte hartzea programaren barruan”, ziurtatu du Mari Carmen Urbieta alkateak. Jaialdiak babestu eta bultzatuta, hortaz, Umore Azokan izango dira Leioako Musika Banda eta Diego Galaz, Despertar los sentidos elkarte artistikoa, Andoni Aresti Dantza Eskola y Gerry Regitschnig clowna.

Nazioarteko profesionalen topaleku

Hiru ardatz aipatu ditu López Asensiok deskribapen modura: “Umore Azoka jaialdia da, festa da, eta azoka da. Jaialdia da, ze kalitatezko programazio oparoa eskaintzen du. Festa da, ze Leioa jendez bete eta festa giroan murgiltzen du lau egunez. Eta azoka ere bada, ze kale arteen profesionalen topaleku da”. Topaleku handia, gainera. 200 profesional elkartzen baitira urtero Umore Azokan (programatzaileak, azoketako zuzendariak, aholkulariak, produktoreak, banatzaileak…). Aurten, gainera, Frantziako Chalon dans la Rue eta Libourneko Fest´Arts azoketako profesional entzutetsuak, Koreako Hi Seoul Festival eta Ansan Street Arts Festival jaialdietako arduradunak, eta New Yorkeko SummerStage jaialdiko profesionalak izango ditugu Leioan.

Hori dela eta, hainbat batzar eta topaketa egiteko leku ezin aproposagoa da Umore Azoka. Eta badira nobedadeak alor horretan ere, besteak beste, II. EUSKADI-AKTANIA topaketa egingo delako aurten Leioan, Etxepare institutuak, EKEk, eta Akitania-Euskadi euroerregioak sustatuta. Bestetik, SAREA Euskal antzoki sarearen urteko batzarra ere egingo da, eta profesionalen elkargune eta proposamen trukerako leku izango den Artekale espazioa ere izango du azokak.

Sorkuntzari babesa

Ez da programaziora mugatzen Umore Azoka. Ikuskizun berriak ere sustatzen ditu, eta konpainiei egoitzak egiteko aukera eta entsegatzeko lekuak eskaintzen dizkie horregatik. Aurten 5 taldek jaso dute azokaren babesa. Horri esker “Su à feu” perkusio eta piroteknia ikuskizuna estreinatuko du Leioan Deabru Beltzak konpainiak, esaterako, eta Frantziako Vendaval taldeak “Soif” ikuskizunaren gaztelerazko bertsioa eskainiko du aurrenekoz. Eta Nacho Diago, La Industrial Teatrera, eta Laura Cobo taldeek ere jaso dute azokaren babesa. Zehazki, “Mr. Smith” pieza estreinatuko du Cobok Leioan, eta gaur haren lagin bat eskaini die hedabideen prentsaurrekoan. “Sorkuntzaren aldeko konpromiso argia du Umore Azokak, eta babes hori oinarrizkotzat du gainera kale arteen programazioaren kalitatea bermatzeko”, ziurtatu du López Asensiok.

Festa inoiz baino luzeago

27.000 bisitari eta 200 artista baino gehiagorekin, Leioa oso bihurtzen da eszenatoki erraldoi lau egunez. 26 kokagunetan 16 espazio eszeniko izango dira, eta lehen aldiz igandea gauera arte luzatuko dira ekitaldiak. “Festak asteburua amaitu arte jarrai dezan nahi dugu”, esan du azokako zuzendariak. Orain arte programazioa igande eguerdian amaitu da beti, baina Pinosolo parkean dagoen Kalian Hiri Kulturgunean piknika eta ekimenak antolatu dira gauera arte.

Umore Azoka hasi aurretik ere 3 ikastaro eskainiko ditu jaialdiak: Maiatzaren 11an Pepe Zapata marketin adituak email bidez komunikazio estrategia nola hobetu erakusteko ikastaroa eskainiko du. Maiatzaren 17 y 18an Matías Zanotti aktore eta jantzi egileak osagarri eszenikoen eta jantziteriaren inguruko tailerra eskainiko du. Eta azkenik, maiatzaren 19 eta 20an, azoka hasi berritan, Fafá Franco ile-apaintzaileak orrazketa, jantzi eta irudi pertsonalaren inguruko ikastaroa emango du.

DATU ERABILGARRIAK:

  • 424 konpainien eskaera jaso du Umore Azokak (%12 Euskadikoak, %53 Estatukoak, eta 35% nazioartekoak).
  • 50 konpainiek 54 ikuskizun eskainiko dituzte.
  • 18 konpainia dira EAEkoak eta 1 Nafarroakoa.
  • Estreinaldiak: 21 erabateko estreinaldi, 12 estatu mailako estreinaldi, 3 kaleko estreinaldi, aurre-estreinaldi bat, eta gaztelerazko estreinaldi bat.
  • Parte hartzaileak: 200 artista, 200 profesional, 60 pertsonako lantaldea, 27.000 ikusle baino gehiago.
  • Diziplinak: antzerkia, zirkua, musika, dantza, clowna, txotxongiloak, magia, performancea, multimendia, instalazioak, ikuskizun ibiltariak, jolasak.

KATEGORIAK: Albisteak, Bloga
Etiketak: ,
2016, apirilak 27

Iruzkindu


(*) Izartxoarekin markatutako eremuak nahitaez bete behar dira.

Flickr

Copyright © 2011 Kultur Leioa | LEGE OHARRA | DATUEN BABESA
Internet Explorer 8rako optimizatutako webgunea
KULTUR LEIOA Jose Ramon Aketxe Plaza, 11 - 48940 Leioa (Bizkaia)