Leioako udala
  • RSS Blog
  • Issuu
  • Flickr
  • Twitter
  • Facebook
  • Youtube

Kultur Leioan egiten diren jarduera guztien berri ematen du egunero. Utzi zure oharrak eta banatu zure gizarte-sareetan.

50 konpainia izango dira Umore Azokan, erabateko 22 estreinaldirekinRSS Blog

Umore Azoka

Zabalagoa eta koloretsuagoa da aurten irribarrea, indartu egin baita XVI. Umore Azokako programazioa. 50 konpainiak hartuko dute parte guztira, iaz baino 5 gehiagok. Guztira, 170 emanaldi eskainiko dituzte talde hauek guztiek maiatzaren 21 eta 24 bitartean, eta estreinaldiak izango dira eskainiko dituzten ikuskizun horietariko asko. Erabateko estreinaldiak dira haietariko 22 eta estatuko estreinaldiak haietariko 8. Gainera, ez da diziplina bakarrera mugatuko eskaintza, eta dantza, antzerkia, clowna eta musika oinarri duten emanaldiak izango dira. Eta hori da hain zuzen ere Ana López jaialdiko zuzendari artistikoak Bilboko Rekalde aretoan gaur junto Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariarekin eta Iban Rodriguez Leioako alkate ordearekin batera eskainitako prentsaurrekoan nabarmendu duena: “Umore Azokak ez du soilik umorea eskaintzen: umorea bai, baina baita umorea baino gehiago ere. Kaleaz ikuskizunik onenak ikusiz disfrutatzeko lau egun eskainiko ditu jaialdiak”.

Jaialdian izango diren 17 euskal konpainiek ematen dute Lopezek aipatutako aniztasun horren neurria. Haietariko 12k estreinatuko dute ikuskizuna Leioan: Cielo Raso konpainiak, Colectivo Hiriko taldeak, Dantza Konpainiak, Dikothomia konpainiak, Ékoma Teatrok, Ertza Dantzak, Gaitzerdi Teatrok, La Pez taldeak, Muyuyai taldeak, Rouge Eléak, Twisting the balancek, eta Zirkozaurrek, hain zuzen ere. Ez da kolpean heldutako zerbait partaidetza zabal hori. Urtez urte egin du bere bidea Umore Azokak, eta aspaldi da bertako profesionalen egutegiaren parte bilakatu zela.

Beste konpainien artean estatukoak dira 24 (Andaluzia, Aragoi, Kanaria, Castilla eta Leon, Katalunia, Galizia, Madril eta Murtziakoak -10 ikuskizun izango dira estreinaldiak-), eta nazioartekoak dira 9 (Alemania/Portugal, Danimarka, Frantzia, Herbehereak, Italia eta Japonia -8 estreinaldirekin-). Ikusgarria izango da, adibidez, La Grosse B konpainia frantziarraren pinball makinetan oinarritutako “Insert Coin” izeneko zirku ikuskizun handia. Zuzeneko musika, akrobaziak eta umorea uztartuko dituzte beren emanaldian. Baina ez dira jaialdiko saio interesgarri bakarra izango. Zinema eszenetan oinarritutako “Cinema Paradise” emanaldia eskainiko du esaterako To R mansion talde japoniarrak, esaterako, eta presentzia handia izango du Kataluniak ere. Leioan izango dira, besteak beste, Kataluniatik heldutako Marcel Gros, Cía. Estampades y XeviXaviXou taldeak. Eta izango da Europako eszenan gertatzen ari dena ikusteko paradarik ere, Umore Azokan izango baitira, esaterako, Teatro Só (Alemania), Paolo Nani (Dinamarca), Trío Trioche (Italia) eta Compagnie Mobil (Herbehereak).

SORKUNTZA LAGUNTZEN

Kalean aritzen diren konpainientzako erakusleiho garrantzitsua da Umore Azoka, eta gero eta gehiago dira horregatik beren estreinaldiak eskaintzeko jaialdi hau hautatzen duten estatuko eta nazioarteko taldeak. Sortzaileek egon egin nahi dute jaialdian, eta datuak erakusten du gorakada hori: bertan izateko 400 eskari jaso ditu aurten antolakuntzak, iaz baino 100 gehiago.

Argia da Umore Azokak euskal konpainiekin duen konprimisoa ere, eta ez da jaialdi egunetara soilik mugatzen. Taldeei entseguak egin ahal izateko espazioak eta paseak egiteko aukera eskaintzen dituen kolaborazio hitzarmenak dira horren froga. Aurten, esaterako, babes berezia eskaini zaie Dikothomia Konapainiari, Ékoma Teatroari, Hortzmuga Teatroari eta Laitrum Teatre/ Toti Toronelli. Ana Lópezek eman du azalpena: “Umore Azokak sorkuntzarekiko duen konpromisoaren isla dira kolaborazio horiek, baina baita egitarau sendo bat osatu ahal izateko bide garrantzitsu bat ere”.

Sariak dira promozioa laguntzeko beste bideetariko bat, eta hiru dira aurten Umore Azokak banatuko dituen sariak. Kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), Euskadiko kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), Artista/Ikuskizun Berririk Onenaren Saria (hurrengo ikuskizuna sortzeko Hamekan erresidentzia).

GUNEAK

“Hiria antzoki bilakatuko dugu”, azaldu du Lópezek. Izan ere, eszenatoki bilakatuko dira Leioako kaleak. 14 gune eszeniko izango ditu jaialdiak, eta ikuskizunetarako 27 espazio haietan. Horiez gainera Artekale Espazioa ere martxan jarriko du Umore Azokako antolakuntzak bigarrenez. Euskadiko kale arteen feria, jaialdia, konpainia eta banatzaileak biltzen dituen elkarteari ikusgarritasuna ematea da gune horren helburua, eta Kultur Leioako erakusketa aretoa publiko, konpainia eta profesionalen topagune bilakatuko da horregatik. “Bikoitza izan da beti gure helburua”, adierazi du Lópezek, “alde batetik kalitatezko ikuskizunak eskaini nahi dizkiogu publikoari, baina beste aldetik plataforma bat ere eskaini nahi diegu profesionalei, elkar ezagutu ahal izateko eta beren sorkuntzak promozionatu ahal izan ditzaten”. Eta hain zuzen ere, Umore Azokaren azoka izaera indartzea da aipatutako ekimen horien asmoa.

EKINTZA PARALELOAK

Paradoxa bat dirudi baina hala da: Umore Azoka hasi aurretik hasiko da Umore Azoka aurten ere. Izan ere, profesionalentzako bi ikastaro antolatu dituzte antolatzaileek jaialdia hasi aurreko egunetarako. Sare sozialetan aditu den Pepe Zapater-ek eskainiko du horietariko bat maiatzeren 14an, eta sarean estrategia komunikatiboak lantzeko argibideak eskainiko ditu bertan. Eta, bestetik, workshopa eskainiko du Frantziako Cie Cahauete taldeak.
Aurkezpen ekitaldian Dikothomia taldeak XVI. Leioako Umore Azokan estreinatuko duen “Espazi…O” ikuskizunaren aurrerapen bat ere eskaini du.

KATEGORIAK: Albisteak, Bloga
Etiketak: ,
2015, apirilak 23

Iruzkindu


(*) Izartxoarekin markatutako eremuak nahitaez bete behar dira.

Flickr

Copyright © 2014 Kultur Leioa | LEGE OHARRA | DATUEN BABESA
Internet Explorer 8rako optimizatutako webgunea
KULTUR LEIOA Jose Ramon Aketxe Plaza, 11 - 48940 Leioa (Bizkaia)