Leioako udala
  • RSS Blog
  • Issuu
  • Flickr
  • Twitter
  • Facebook
  • Youtube

Kultur Leioan egiten diren jarduera guztien berri ematen du egunero. Utzi zure oharrak eta banatu zure gizarte-sareetan.

Leioako Udalak 41 bat konpainia hartuko ditu eta 80 emanaldi baino gehaigo eskainiko ditu Umore Azokaren XXIV. edizioanRSS Blog

Umore Azoka 2024

Leioako Udalak prestakuntza guztiak bukatu ditu. Dena prest dago lau egunetan zehar antzerkiz, dantzaz eta zirkuaz gozatzeko Umore Azokaren edizio berri batean. Aurten XXIV. edizioa ospatuko duen Azokak kaleko artisten 41 konpainiaren 80 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu maiatzaren 16tik 19ra bitartean. Horrela aurkeztu da gaur goizean Errekalde Plazan izan den prentsaurrekoan. Bertan izan dira Leioako Alkatea Iban Rodriguez Etxebarria; Leioako Udalaren kultura zinegotzia Estibaliz Bilbao; Eusko Jaurlaritzako jarduneko Kultura Sailburuordea, Andoni Iturbe; eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura-Ekintza arloko ordezkaria, Koldo Narbaiza. Aurkezpena Hortzmuga Teatroa konpainiak egindako erakustaldiarekin hasi da.

Umore Azoka 2024k hainbat diziplina eszeniko eta ikuskizun eskaintza zabala izango ditu. Aurtengo ediziorako, 41 konpainiaren emanaldiez gozatu ahal izango da: Euskal Herriko 18, estatuko beste 18 eta nazioarteko 5. Leioako alkatea den Iban Redriguez-Etxebarriak adierazi duenez: “Aurten ere, programazioa kalitateagatik nabarmentzen da, baita komunikatzeko, transmititzeko eta kalea eraldatzeko modu eta estilo berriak biltzeko duen ahalmenagatik. Edizio honetan ikusiko diren ekitaldiak aurten proposatutakoak direla kontuan izan behar da, beraz, kaleko panorama artistikoko konpainia garrantzitsuenen emanaldi berriak ikusteko aukera izango dugu”.

Iban Rodriguez alkateak nabarmendu duenez, “Leioa, beste behin ere, nazioarteko kulturaren erreferentzia bihurtuko da, unean uneko diziplina anitzeko proposamen onenen erakusleiho eta hiri-agertoki, eta arte eszenikoen sektoreko profesionalen topaketa, truke eta lankidetzarako gune”.

Kultura jarduneko sailburuorde Andoni Iturbek adierazi duenez “Umore Azoka erreferente bat bilakatu da kaleko arteen eremuan, bai bertan eta baita kanpoan ere. Euskadin daukagun kaleko arteen jaialdi garrantzitsuenetako bat da eta hori balioan jarri behar da. Euskadiko kulturaren agendan egongo da Leioa eta horrek izango du eragina herrian bertan ere. Kulturak eta Umore Azoka bezalako jaialdi batek herriko jarduera sozio-ekonomikoan ere badu eragina. Merkataritzan, tabernetan… izango du eragina. Kulturak herri baten bizitzan dauka eragina”.

Gauzak horrela, Leioak guztira 27 estreinaldi hartuko ditu: estatuko 20 eta nazioarteko beste zazpi. Hauek hainbat diziplinatakoak izanik, hala nola, dantza, antzerkia, clowna, musika, performancea, zirkua, txotxongiloak, instalazioa, ikusizko arteak eta magia. Estatu konpainiak Andaluzia, Asturias, Katalunia, Euskal Herria, Galizia, Murtzia eta Valentziatik datoz; nazioartekoak aldiz, Portugal, Frantzia, Suitza, Italia, Irlanda, Belgika eta Mexikotik datos. Gainera, Umore Azokak urtero Leioako konpainia bat hartzen du eta 2024ko edizioak Mutis Danza gunearen proposamena izango du.

Umore Azokak izango dituen 41 bat ikuskizunak 600 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu dira, jaialdiaren historian inoiz izan den parte-hartzerik handiena izanik.

Agertokiei dagokienez, Umore Azoka 2024k 15 espazio eszeniko nagusi izango ditu, eta horiek, era berean, 30 kokaleku eszeniko ingurutan banatuta egongo dira. Guztiak udalerriaren erdigunean daude, joan-etorriak azkar eta modu eroso batean egin ahal izateko.

15 espazio horietatik gehien nabarmendu daitekeena “Umeen Kontseiluaren Parkea” da. Bertan “El jardín de las delicias” izeneko irudi eta soinu instalazioa egongo da. Maiatzaren 17an eta 18an egongo da ikusgai, gaueko 21:30etik aurrera, publiko guztientzarako zuzendutako antzerkia.

PROFESIONALEN TOPAKETA

Umore Azokaren ezaugarrietako bat kaleko arteen industriaren garapena sustatzeko egiten duen ekarpena da, alde batetik, kaleko artista guztien arteko topagunea delako eta, bestetik, sektoreko profesionalen arteko harremanetarako foro gisa.

Izan ere, maiatzaren 16an, osteguna, VII. ARTEKALE-Sarea topaketa ospatuko da Kultur Leioako erakusketa aretoan eta bertan izango dira euskal konpainia guztiak. Ondoren, bilera bat egingo da Artekaleko profesionalekin, haien proposamenak aurkezteko eta sektorearen egoerari eta etorkizunari buruzko hausnarketak partekatzeko.

Gainera, 17, 18 eta 19 egunetan Umore Meeting-ak ospatuko dira, non konpainiek euren sorkuntzak erakutsi ahal izango dizkieten programazio arduradunei, bai Euskal Herrikoei, bai Estatukoei, baita atzerritarrei ere. Aurten, adibidez, Poloniako, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako, Portugaleko eta abarreko programatzaileek parte hartuko dute.

Horrela, artistek, erakundeek, enpresek, sareek eta jende askok, kaleko arte eszenikoen sorkuntza berrienak erakusteko edo ezagutzeko hitzordua izango dute Leioan.

UMORE AZOKA 2024 SARIAK

Umore Azokaren XXIV. edizioak bere sariak izango ditu ere. Kaleko arteetan ospe handia duten profesionalek osatutako epaimahaiak Umore Azoka saria ikuskizun onenari emango dio. Gainera, aurten Umore Azokaren sari berezia emango zaio kaleko arteei duintasuna eta balioa emateko lan egin duen erakunde bati.

Palmaresa 2024ko maiatzaren 17an jakinaraziko da, sarien ekitaldiaren ondoren.

UMORE AZOKARI BURUZ

Leioako Udalak, duela hogeita lau urtetik hona, UMORE AZOKA – Leioako Kaleko Artisten Azoka antolatzen du. Azoka 1988tik ospatutako Umore Jaialditik jaio zen, publikoaren eta kritikaren aldetik izandako arrakasta izugarria dela eta.

Helburu nagusia kaleko arteen (antzerkia, dantza, zirkua, musika eta abar) industriaren garapena indartzeko laguntza eskaintzea da, kaleko arteen sektore horien kontsumoa, ibilbideak eta koordinazioa bultzatuz, eta konpainien/taldeen/artisten sustapena azpimarratuz.

Gaur egun, Umore Azoka ikuskizunak erakusteko eta sustatzeko gunea bada ere, eta, aldi berean, profesionalen arteko urteroko foroa. Iaz, Umore Azokak 30.000 pertsona bildu zituen Leioan lau egunez.

KATEGORIAK: Albisteak, Bloga
Etiketak: ,
2024, apirilak 29

Iruzkindu


(*) Izartxoarekin markatutako eremuak nahitaez bete behar dira.

Flickr

Copyright © 2014 Kultur Leioa | LEGE OHARRA | DATUEN BABESA
Internet Explorer 8rako optimizatutako webgunea
KULTUR LEIOA Jose Ramon Aketxe Plaza, 11 - 48940 Leioa (Bizkaia)