Leioako udala
  • RSS Blog
  • Issuu
  • Flickr
  • Twitter
  • Facebook
  • Youtube

Kultur Leioan egiten diren jarduera guztien berri ematen du egunero. Utzi zure oharrak eta banatu zure gizarte-sareetan.

Artez eta kulturaz beteriko agenda berria LeioanRSS Blog

Agenda enero-junio 2017

Leioako Udaleko Kultura Sailak 2017ko urtarrila eta ekaina bitarterako agenda aurkeztu du. Oso egitarau erakargarria, euskal agertoki anitza eta Estatuko eta nazioarteko artista nabarmenak uztartzen dituena. Luxuzko egitaraua leioaztarrentzat eta Bilboko metropoliko beste udalerri batzuetatik bisitan datozkigunentzat.

2017ko lehen seihilekoan zehar, Kultur Leioako gune eszenikoetan, 22 ikuskizun izango dira guztira: 5 antzerki, 5 dantza ikuskizun, 8 kontzertu eta 4 familia-ikuskizun.
Zinea, erakusketak, lehiaketak, gazteentzako jarduerak Aterpe Leioa Gaztegunean eta hurbileko programazioa lau auzogeletan (Lamiako, San Bartolome, Txorierri eta Pinueta). Horiexek osatzen dute Leioako kultura eskaintza epealdi honetarako.

Ibilbide artistiko desberdinek, seguru, gogobete egingo dituzte ikuslerik zorrotzenak.

Antzerkia (ostirala. Auditoriuma, 20:30h.) da urteko lehen emanaldiaren protagonista, baita datozen hileetakoa ere.

Hortaz, urtarrilaren 13an, Bartzelonako Grec Festival 2016, Velvet Events & Buxman Producciones-ek “Yo, Feuerbach” eskainiko digute, Tankred Dorstek sortua, Europako dramagilerik onenetarikoa. Antonio Simon da zuzendaria eta Pedro Casablancek egiten du, maisuki, interpretazio lana. Gizatasunak dituen handitasun eta miserien erretratua. Ikuskizun eder, bizi eta hunkigarria.

Urteko lehen zatiko plater nagusietako bat, Leioan, Kultur Maratila da, euskal sormena gune duen “jaialdi txiki” honen seigarren edizioa, Artedrama plataformarekin batera antolatua. Berariazko prentsaurrekoa emango dugu horretaz informatzeko.

Otsailaren 1etik 5era, labeldun sei proposamen eszenikoz gozatuko dugu. Antzerkia Beheko Larrainerekin, eta ATX Teatroaren “Atte hil aurretik” eta “Fakiu”. Dantza, Ertza Dantzaren eskutik, “Hariak” lanarekin; eta Amoranterekin, Ruper Ordorikarekin, eta Unai Elorriagak eta Gibelurdinek-ek sortutako ikuskizunarekin, “Shane McGowanen gibela”.

Otsailaren 24an, Karl Stetsek “Cuerdo” aurkeztuko digu. Ikuskizun horrek antzerkia eta zirkua uztartzen ditu. Protagonista akrobata, malabarista, funanbulista eta keinu-aktore bikaina da, umore dotorea duena gainera.

Martxoaren 10ean, “Una casa de muñecas” lana dator Leioara, Arriaga Antzokiaren produkzioa. Protagonistak 5 euskal aktore dira, eta Henrik Ibsenen klasikoa eszenara eramateko proposamen batetik abiatuta, antzerkiaren munduaz eta gizarteaz hausnartzen dute.

Dantza maite dutenek hurrengo data hauek gorde beharko dituzte beren agendetan:
Urtarrilaren 27an, Galiziako AIREnoAR konpainiak izen bereko ikuskizuna eskainiko digu, dantza garaikidea, soka espezialitateko zirku berria eta zuzeneko musika biltzen dituena. Ikuskizun desberdina, erabat gomendagarria gazteentzat.

Martxoaren 24an, Hendaiako Rouge Élea konpainiak “Ceci est la couleur de mes rêves (Hau da nire ametsen kolorea)” aurkeztuko du, nortasunaz hausnartzen duen estilo propioaren bidean, diziplina anitzeko eremuak esploratzen dituen dantza eta zirku ikuskizuna.

Apirilaren 5ean, Kukai Dantzak “Oskara plzara” aurkeztuko du, “Oskara” ikuskizunaren sortze prozesuari buruzko dokumentala eta zuzeneko dantza, eta horrez gain, ikuskizuna bukatu ondoren, koreografoa eta zuzendaria den Jon Mayarekin egoteko aukera egongo da.

Apirilaren 29an, larunbata, Dantzaren Eguna ospatzeko, “Libertino”, Vargas & Brûlé andaluziarrena. Flamenkotik abiatutako berezko hizkuntza, askatasunaz diharduena. Erritual soil, biluzi, poetiko eta oroiterazlea. Doanekoa Kultur Leioako lagunentzat.

Musika ere bada Kultur Leioako egitarauko protagonistetako bat. Honezkero klasiko bat den Musika Gertu, formatu txikiko zikloa (ostirala. Anbigua. 21:00h.), 3 kontzertu gozagarrirekin helduko dena (25 euroko abonua txarteldegian): urtarrilaren 20an, Gari & Maldanbera, “Estutu” proiektu berriarekin. Otsailaren 17an, Dead Combo, fadoa eta bluesa, gitarra eta kontrabaxu batekin bakarrik, goitik behera erakusten dituen Portugalgo bikotea. Eta martxoaren 17an, Clara Peya musikagile eta pianistak, azkenaldiko sortzailerik originaletarikoak, argitaratu berria den “Oceanes” disko berria aurkeztuko du, luxuzko banda baten laguntzarekin.

Martxoaren 31n, gaur egungo fadistarik ospetsuenetarikoa den Carla Piresen itxura eszeniko apartarekin gozatuko dugu (Auditoriuma, 21:00h.),

Apirilaren 7an (Auditoriuma, 21:00h.), musika eta dantza Alos Quartet & Aukeran taldearekin. “Garden” lana aurkeztuko du zuzenean laukoteak, Aukeran Dantza Konpainiaren laguntzarekin.

Lau familia ikuskizun ere izango dira (Igandeetan. Auditoriuma, 18:00h.), etxeko txikienek disfruta dezaten.
Urtarrilaren 15ean, Eidabe & Balea Musika Ideiak “Baserrian amets” proposamenarekin, antzerkia eta musika, hurbileko kontsumo arduratsuan hezteko helburuz.
Otsailaren 26an, “Gu. No estamos solos”, Borobil Teatroaren eskutik, keinuaren, mugimenduaren, kolorearen eta umorearen bitartez, gure planeta zaintzera bultzatuko gaituen aldarria.
Martxoaren 12an, Ganso & Cía-ren “Kaput” lana dator Leioara, bi zoro optimista eta dibertigarriren bidaia mutua.
Eta azkenik, Elirale konpainiak “Xihiko” dakarkigu, zuzeneko dantza eta musika dituen familia ikuskizuna, ezagutzen ez dugunari diogun beldurrari buruzkoa.

Kultur Leioako Lagun txartelaren abantailez gain, eskaintza interesgarriak ere izango dituzu (abonuak, packak, talde sarrerak, gazte eta familientzako eskaintzak). Ez dago aitzakiarik ez etortzeko.

Eta aurkezpen hau ezin dugu bukatutzat jo gure udalerrian hitzordurik garrantzitsuenetarikoa dena aipatu gabe, Umore Azoka alegia. Aurten, maiatzaren 18tik 21era bitartean egingo dugu, eta gutxi barru, nobedadeak iragarriko ditugu.

KATEGORIAK: Albisteak, Bloga
Etiketak:
2017, urtarrilak 12

Iruzkindu


(*) Izartxoarekin markatutako eremuak nahitaez bete behar dira.

Flickr

Copyright © 2014 Kultur Leioa | LEGE OHARRA | DATUEN BABESA
Internet Explorer 8rako optimizatutako webgunea
KULTUR LEIOA Jose Ramon Aketxe Plaza, 11 - 48940 Leioa (Bizkaia)